2023ko azaroaren 30ean, lehen aldiz egin zen Euskal Herrian Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra. “Atzera bueltarik gabeko urrats bat, sistema zishetero patriarkal kapitalista kolonial honetan zaintza krisiari aurre egin eta Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten alde borroka ziklo bat ireki genuen” azaldu dute sindikatuek, “Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dugu sindikatuok, Mugimendu Feministarekin batera: euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean epe ertaineko erronka horretarantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen”.
“Guztiontzako zaintza duina lortzeko, negozioarekin amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan berresten gara” azaldu dute prentsaurrean. Martxoaren 6an, emakumeen nazioarteko egunaren atarian, manifestaziora dei egin dute enpresarien elkartetik goizeko 11:00ean aterata.
Instituzioen arduragabekeria salatu nahi dute LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikaruek; “Pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan ematen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik. Administrazioa delako pribatizazioak iraun dezan bermeak jartzen dituena. Enpresa pribatuak zaintza langileen prekaritatearen erantzule diren bezala”.
Kalera ateratzera dei egin dute: “Bizitza duinen alde, lanaldia murriztu dezaten. Zaintza sistema publikoaren alde: Pribatizazioaren kontrako neurri sendoak hartzeaz gain, orain arte pribatizatutakoa publifikatu dadila aldarrikatzen dugu. Lan berdina egiteagatik baldintza berdinak izateko, ekiparatuz. Zaintza langileen baldintza duinen alde, lan-baldintzak hobetzea urgentziazkoa delako. Zerbitzu eta lan baldintzak hobetzeko sostengaezinak diren ratioak jaistea eta hitzarmenak berritzea. Zaintza lanak banatzeko: egungo egoeraz zapaltzailea betikotuko ez duten kontziliazioa, lizentzia eta baimen eraginkorrak guztiontzat aldarrikatzeko. Zaintza lanen egoera iraultzeko, hezkuntza sisteman ere neurriak har daitezen: curriculumean zaintza txertatuz, hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak sustatuz...”