KIROLERRIA

Zaharrak berri

Eñaut Agirrebengoa 2025ko mar. 3a, 18:19

Eskuetan zuen garaipenak ihes egin zion Osasunari Valentziaren aurka (3-3). Aldeko markagailuei eutsi ezinik dabil aspaldian, eta atzo, Sadiqen azken uneko gol batek izoztuta utzi zuen Sadar

Irabazteko beldurrez aritu ziren beste behin gorritxoak, eta atsedenaren ondoren atzera eginda, galdu egin zuten partidaren kontrola. Lehen zatian, berriz, irri egin zuten anabasaren erdian. Valentziak bi kolpe eman zizkien, baina nafarrak markagailuan aurretik iritsi ziren atsedenera, Aimarrek eta Budimirren egindako golei esker.

Bigarren zatian, erasokor jarraitzea eta laugarren gola bilatzea zatekeen zentzuzkoena. Ordea, oldartu ordez, koldartu egin zen Osasuna, eta oso kolpe mingarria hartu zuen partidaren hondarrean. Beste berdinketa bat, hamabigarrena denboraldi honetan, eta Europa geroz eta urrunago dakusate gorritxoek. Larunbatean Bartzelona liderrari egingo diote bisita.

Emakumeen taldeak, berriz, premiazko garaipena lortu zuen larunbatean Vila-real Bren aurka. Iosu Dominguezenak 2-0 gailendu ziren Taxoaren, Yiyik eta Maria Barquerok egindako golei esker. Jaitsiera postuak bost puntura utzi dituzte, eta distantzia berera daukate playoff eremua, liga bukatzeko zazpi partidaren faltan. Igandean Atletico Balearesen zelaian ariko dira (12:00).

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerria saioko ‘Osasun-etxea’ tartean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!