Osasuna 3- Valencia 3

Puntuka ez da nahikoa

Haritz Pascual Garjon 2025ko mar. 3a, 09:11

Penaltiz egin zuen Budimirrek Osasunarekin sartzen duen 57. gola. Argazkia: CA Osasuna

Sadarren eta jaitsiera postuetan den Valenciaren kontra ez zuen garaipenik lortzerik izan gizonezkoen Osasunak. Enegarren berdinketa lortuta eta azken 15 partidetan garaipen bakarra eskuratuta agur esan dio datorren urtean Europan aritzeko aukerari.

Sei gol sartu ziren partidan, garaipenik ez Osasunarendako. Lehen zatia zoroa izan zen, areto futbolekoa. Valencia taldea bitan aurreratu zen eta bitan eta berehala berdindu Osasunak. Aimar Oroz maisu aritu zen lehen zatiko bi golak eginda, atzekaldean izandako akatsei buelta emanez. Ante Budimirrek, penaltiz, aurreratu zituen gorritxoak eta Osasunako historian sartu zen inoizko golegilerik handiena bezala. Baina Vicente Morenok denboraldi honetan zedozer azaldu badu, ausardia falta da. Partidari buelta emanda,  behar handiagoak dituen arerioari behin betiko kolpea eman beharrean, atzean itxi zuen Osasuna eta baloia eman Valenciari. Horrela erraz iragar zitekeen etorriko zena. 87. Minutuan Sadiq-ek, orpoarekin, gol ederra lortu eta berdinketa igo zen markagailura.

Gauzak horrela, gizonezkoen Osasuna 11. Postuan geratuko da 33punturekin. Bost puntutara daude orain Europako postuak. 9 puntutara, jaitsiera postuak. Hurrengo norgehiagoka ez da erraza izanen gainera, aurrez aurre FCBarcelona izanen baita, liga jokoan duen taldea alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!