“Abiadura Handiko Trena Gasteizen lotuko da edo ez da AHTrik izango”

Haritz Pascual Garjon 2025ko ots. 25a, 08:23

PSNko Ramon Alzorriz argi mintzatu da parlamentuan eta Abiadura Handiko Trenaren ibilbidearen loturaren eztabaidarekin amaitu Gasteizko aukeraren alde eginez. PSNk berriz ere, bere jatorrizko jarrera aldatu eta Madrildik agindutakoa dio orain.

Alderdi sozialistak itxitzat eman nahi du abiadura handiko trenaren ibilbidearen gaineko eztabaida. Espero zen bezala, PSNk bere egin du Madrildik, Moncloatik agindutako ildoa eta zirt edo zart, Gasteizen eginen dela lotura mahaigaineratu du. Modu zuzenean, mintzatu zen atzo PSNko parlamentari Ramon Alzorriz: “Edo Gasteiztik doa edo ez da egingo noski. Bideraezina da Aralar mendilerroa 20km alde batera eta 20km bestera zulatzea, akuiferoak lehertzea, ingurumenari erasotzea, bideraezina da, ez bakarrik fisikoki, baita ekonomikoki ere”

Ezin da ahantzi 2019ko sozialisten hauteskunde programak, Ezkio Itsasoko lotura defendatzen zuela, azkarrena zelako…baina behin Madrilek kontrakoa agindu eta beste behin ere PSNk aldatu du bere hasierako jarrera. Gobernu bazkide den Geroa Bai, haserre ateraldiarekin. Uxue Barkos senatariak, galdera sorta erregistratu du, Garraio ministroak azaldu eta argitu dezan zer nolako ondorioak izanen lituzkeen Ezkioko loturak eta ea benetan Alzorrizek dioen bezala lurrazpiko ur biltegiak zulatuko ote dituen. EHBilduk, egun Gasteizeraino dagoen konexioa hobetu behar dela defendatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!