KIROLERRIA

Atzerapausoa Europara bidean

Eñaut Agirrebengoa 2025ko ots. 24a, 16:33

Osasunak estropezu egin zuen ostiral gauean Balaidos zelaian jokaturiko partidan. Sailkapenean erritmoa bizkortzeko aukera zuten gorritxoek, baina ez zuten baliatu, Celtak 1-0 hartu baitzituen mendean

Iruñetik urrun hotz handia egiten du Vicente Morenoren taldearentzat. Denboraldi osoan partida bakarra irabazi du orain arte bisitari gisa, eta urrun gelditu da: urriaren 27an izan zen, Realaren aurka. Jokoari dagokionez, bilakaera baikorra izan du taldearen etxetik kanpoko jardunak. Baina oraingoz, ez da partida biribilik jokatzeko gai izan, eta garaipenek behin eta berriz egin diote ihes.

Celtaren aurka, inolako saririk gabe gelditu ziren nafarrak. Nagusi izan ziren lehen ordu erdian, baina azken metroetan zorrotzago aritzea falta izan zitzaien. Atsedenak ez zien onik egin, eta noraezaren erdian, kolpea eman zien Celtak. Mingarria izan zen gola, baita berau jasotzeko modua ere, Torrok ekidin zitekeen penaltia egin baitzion Borja Iglesiasi. 11 metroko jaurtiketan ez zuen hutsik egin Aspasek. 68. minutuan sartu zuen gola. 

Hortik aurrera, nahi eta ezin ibili zen Osasuna, eta oso bukaeran jaurti zuen aurrenekoz atera, Arnaizen eskutik. Markagailuan ez zen beste aldaketarik izan, eta porrot egin ondotik, 11. postura jaitsi dira gorritxoak. Hori bai, oraindik ere hiru puntura dituzte Europako postuak.

Emakumeen taldeak, berriz, atseden hartu du asteburu honetan. Geldialdia baliatuz, jokalariek eta teknikariek txangoa egin zuten Irulegiko Gaztelura. Larunbat honetan Vila-real B izango dute aurkari. Partida garrantzitsua izango da mailari eusteko borrokan. Gorritxoek bi puntura dituzte jaitsiera postuak, eta zazpira playoffa.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerria saioko ‘Osasun-etxea’ tartean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!