Israel nazioarteko lege bakar bat ere ez dela betetzen ari salatzeko, manifestazioa

Maialen Huarte Arano 2025ko ots. 18a, 13:28

Amaia Izko (abokatua), Eduardo Ibero (suhiltzailea), Lindon Soriano (Yala Nafarroa) eta pantailan Carlos Alberto Ruiz Socha (abokatua).

"Israel ez da betetzen ari Nazioarteko legediaren arau bakar bat ere. Giza eskubideak etengabe hausten ari da eta Palestinan egindako genozidioak ez du aurrekaririk intentsitateari eta aldebakartasunari dagokionez", salatu du gaur Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak.

Bi abokatu izan ditu berarekin gaurko agerraldian Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak: Amaia Izko eta Carlos Alberto Ruiz Socha, gatazketan aditua dena. Argi adierazi du azken horrek: "Giza eskubideen aldetik, nazioarteko eskubide humanitarioak erreklamatu behar dira. Eskubide oinarrizkoenak eskatuz egin behar zaio aurre Israeli. Eta harekin Gobernuek, unibertsitateek.. dituzten harreman guztiak eten. Bakartu. Isolatu. Israelek bezain besteko akusazioak ez dituelako inoiz beste estatu batek izan". Etikoki, juridikoki eta politikoki marka guztiak hausten ari dela ere gaineratu du Ruiz Sochak.

Hori horrela, Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak manifestaziorako deia egin du larunbaterako. Israel egiten ari dena salatzeko, baina gogorarazteko eta herritarrei jakinarazteko zenbat arau hausten ari den eta zein prezio altua ordaintzen ari den Palestina. 18:00etan aterako da protesta hori Antoniuttitik. 

Gogoratu dute, gainera, urtarrilean erdietsitako su-etena oso hauskorra dela. Genozidioaren erabateko gelditzea posible dela uste dute. Horretarako, Israel presionatu behar dela. Mota guztietako harremanak ete egin behar zaizkio. Palestina libre izan arte mobilizatzen segitzeko asmoa dutela ere berretsi dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!