KIROLERRIA

Liderra bere onetik atera du

Eñaut Agirrebengoa 2025ko ots. 17a, 16:37

Osasunak balio eta meritu handiko puntua lortu zuen larunbatean Real Madrilen aurka. Lana beltz egin ostean eta Bellinghamen kaleratzea eta penalti bat baliatuz eskuratu zuen saria. Budimir izan zen golaren egilea, eta Sabino Andonegiren pare jarri zen Osasunak elitean izandako jokalari emankorrenen sailkapen historikoan.

Historikoa baino gehiago, partida tragikoa izan behar zela zirudien, Real Madrilen hasierako erauntsia ikusirik. Zuriek partida azkar erabaki nahi zuten, eta Mbappek 15. minutuan egin zuen lehen gola. Dar-darka zegoen Osasuna. Baina egonkortzera egin zuen partidak aurrera egin ahala. Courtoisek gola zapuztu zion Aimarri, gelditu txundigarri batekin. Eta atsedenaren aurretik, epailea iraindu, eta txartel gorria ikusi zuen Jude Bellinghamek.

Aldageletatik bueltan, Osasunaren aldeko beste erabaki bat hartu zuen Munuera Monterok, Camavingak Budimirri area barruan egindako sarrera gogorra zigortuta. Penaltia Osasunaren alde, eta beste gol bat Budimirren zakura. Lehen Mailan 57 egin ditu dagoeneko gorriz jantzita, beste inork baino gehiago, Andonegiren salbuespenarekin.

Real Madril garaipenaren bila abiatu zen gero, eraso zuzen eta bortitzen bidez. Baina Herrando eta Herreraren agerpen erabakigarriei esker, eta talde-lana oinarri izanda, zutik iraun zuen Osasunaren harresiak. Azkenean, 1-1. Nafarrek bost partida daramate galdu gabe, eta Europako borrokan jarraitzen dute.

Emakumeen taldeak, ordea, berdinketa dezentez mikatzagoa lortu zuen atzo, Getaferen zelaian. 1-1 bukatu zen partida, gorritxoek irabazteko merituak egin zituzten arren. Ia uneoro izan ziren nagusi, eta atsedenetik bueltan hartu zuten aurrea, Maria Baqueroren eskutik. Baina defentsan egindako huts batek Getaferen berdinketari eman zion bide, 75. minutuan. Garaipenak, berriz ere, ihes egin zion Iosu Dominguezen taldeari.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerria saioko ‘Osasun-etxea’ tartean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!