Zazpi egunetan zazpi lanuzte egitera deitu dute hezkuntza sindikatuek

Haritz Pascual Garjon 2025ko ots. 12a, 11:13

Irakasleak nekatuta eta haserre daudela diote STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek. Hiru grebaren ostean departamentuaren partetik aurrera urratsik ez dagoela ikusita, lanuzteak eta batzarrak  antolatuko dituzte Nafarroako eskualde ezberdinetan.

Hezkuntza arloko gehiengo sindikalak ez du amorerik eman nahi eta ikasturte berean hiru greba egin eta gero, orain lanuzteak eginen dituzte eskualdez eskualde, irakasleen nekea eta haserrea erakusteko. “Hezkuntza publikoaren alde – Muévete por la pública” lelopean hurrengo asteetan, asteazkenero lanuzteetara deituko dituzte irakasleak goizeko bederatzietatik hamaiketara. Protesta eskualdeka eginen dute eta sindikatuek irakasle batzarrak egiteko probestuko dute.

“Hezkuntza publikoak dituen beharrak eta behar dituen soluzioak denon artean zehazteko bilduko gara” adierazi dute. Horretarako inbertsioak beharrezkoak dira eta sindikatuek ez dute onartzen hezkuntza departamentuak jarritako aurrekontuen mugen aitzakia. “Aurrekontuak urtero negoziatu behar dira, beraz aurtengoetan ezin bada hurrengo urtetakoetan posible dute beharrezkoak diren diru partidak zehaztea” azaldu dute.

Hau izanen da lanuzte, elkarretaratze eta asanbladen egutegia:

  • Otsailak 19: Baztan-Bidasoa
  • Otsailak 26: Lizarraldea
  • Martxoak 12: Sakana, Larraun eta Leitzaldea
  • Martxoak 19: Zangozaldea eta Pirineoak
  • Martxoak 26: Erribera
  • Apirilak 2: Tafallaldea
  • Apirilak 9: Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!