Agoitzeko festek ez dute bigantxarik izango 2025eko udan. Horrela erabaki du udal gobernu taldeak pasa den asteburuan egindako parte hartze prozesuan gailendutako jarrerari jarraiki. Bi jardunaldi egin zituzten herriko kultur etxean, ostiralean 33 parte hartzailerekin eta larunbatean 37 herritarren presentziarekin. Parte hartzea anitza izan zen bai adin aldetik baita bigantxek aurreko jarreraren partetik ere, jardueraren aldeko eta kontrako jarrerak izan baitziren. Udaletik azaldu dutenez, eztabaida lasaia izan zen eta errespetuzkoa une guztietan. Bigantxen aldekoek, jarduerak herriko festetan duen zentralitatea defendatu zuten, Agoizkoen topaleku moduan. Bigantxen kontrakoek berriz azaldu zuten geroz eta parte hartze txikiagoa duela ikuskizunak eta alternatibak planteatzea, parte hartzea handitu eta ikuskizun taurinoak behar duen azpiegituraren muntaian lana eta aurrekontua aurreztuko duela.
Eztabaidak amaituta, larunbatean bozketa egin zen. Bertaratutako 36 herritarretatik 19k egin zuten bigantxen kontra eta 16ak alde. Emaitza eskutan, Agoizko Udalak erabaki du, aurtengo festetan bigantxarik ez programatzea eta ekitaldi alternatiboak antolatzea. Kuadrillen arteko herri kirolak, musikak, kalejirak…izanen dira nagusi, parte hartzea bilatuko baita herriko gazte eta kuadrillen artean. Festak amaituta, esperientzia probatuta, 2026rako herri galdeketa eginen dute, bigantxak itzuliko diren edo alternatiba errotuko den erabakitzeko.