Ingelesezko klase gehiago euskararen kaltean, PAI programa duten D ereduko ikastetxeetan

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 11a, 20:35

Hezkuntza Departamentua atzerriko hizkuntzen irakaskuntza orduak handitzera behartzen ari dela salatu du Kontseiluak

Kontseiluak jakitera eman duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentua, 2025-2026 ikasturtean atzerriko hizkuntzen irakaskuntza orduak handitzera behartzean ari da Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa (AHIP, gaztelaniazko PAI) darabilten ikastetxeak, euskararen kaltetan. “Atzerapauso oso larria dela deritzogu.  Izan ere, foru agindu berriak ingelesezko irakastorduen minimoa eta maximoa handitzen ditu. Beraz, euskararen presentzia eta erabilera txikituko ditu Nafarroako Gobernuak”.

Kontseiluak ohar bidez adierazi du, neurri honek bereziki eragingo die haur hezkuntzako 2. eta 3. mailei eta lehen hezkuntza osoari, euskararen ikastorduak gehiago murriztuz. Hedabideek azaldu dutenez, erabakiak jada haserrea sortu du Sarriguren, Buztintxuri eta Tafallako eskoletan”.

Zehazki, eta oharrean agertu dutenez, “D-PAI ereduko eskoletan, haur hezkuntzako 2. eta 3. mailetan atzerriko hizkuntzen gutxieneko 3 saiotik 4ra igo dizkie Hezkuntza Departamentuak, euskarazko saio bat murriztera behartuz gutxienez. Lehen hezkuntzan are larriagoa da, gutxieneko 6 eta gehienezko 9 saiotik gutxieneko 7 eta gehienez 12ra igotzera behartu baitituzte.”.

Egoera honen aurrean, Kontseiluak adierazi du “irmoki salatu nahi dugu foru aginduak ez duela kontuan hartzen euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela, egoera minorizatuan dagoena, eta atzerriko hizkuntzen maila berdinean jartzen dituela. Beste behin ere, gogoratu behar dugu PAI eredua eskoletan euskarazko ereduaren hedapena oztopatzeko sortu eta mantentzen dela. Gainera, euskarari Nafarroako eremu gehienean ofizialtasuna ukatzen zaionez, lurraldearen zati handi batean ikasleek ez dute euskaraz ikasteko eskubidea bermaturik, edo etengabe oztopatzen zaie horretarako aukera”.

Egoera ikusita, Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari foru agindua baliogabetzeko eta egoera horri irtenbidea emateko eskatu die: “Beharrezkoa da PAI eredua bertan behera uztea eta euskarazko ikaskuntza lurralde osoan indartzea. Ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza izateak bermatuko du nafar guztien berdintasuna eta kohesioa”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!