Erakundeak planik gabe jokatzen ari diela kritikatu dute. Lurralde osorako programa integral bat diseinatzeko eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari pertsona guztien oinarrizko eskubideak bermatuko dituena eta errealitateari aurre egitea ahalbidetuko duena inor atzean utzi gabe. Pertsonak erdigunean jarriko dituen programa izan beharko litzatekeela iruditzen zaie. Gutxieneko baliabideak eskaini behar zaizkie pertsona guztiei, eta berandu baino lehen. Izan ere, zenbat eta gehiago kalean bizi orduan eta osasun arazo eta fisiko gehiago jasaten ari dira. Eta ez zaie arretarik eskaintzen.
Iruñeko Udalak eskaintzen duenari dagokionez, kexu azaldu dira, erroldatze-prozesuetan bederatzi hilabeteko geldialdia izan delako: 133 eskaera izan dituzte eta 17k baino ez du lortu oraingoz erroldatze agiria. Horrek traba baino ez da eragiten ari. Udalak esana du inoizko inbertsiorik handiena egiten ari dela kalean inor ere gera ez dadin, baina baliabideak mugatuak dituela eta ez dela iristen ari denei arreta ematera. Gizarte eragile hauek uste dute, Gobernua ari dela utzikeriaz jokatzen.
Gizarte langileei euren babesa
Gizarte Zerbitzuek egin zuten salaketa ere errespetatzen dute, duela aste batzuk salatu baitzuten egoera muturrekoak bizitzen dituztela zenbaitetan erabiltzaileen jokaeren aldetik: "Langileek tratu ona merezi dutela berretsi dute, erabiltzaileek merezi duten bera", adierazi du SOS Arrazakeria taldeko kide Beatriz Villaizanek. Beldur dira entitate hauek ez ote den arreta desbideratuko eta zaurgarrienen egoera lausotuko. "Gizarte Zerbitzuetara iristen den errealitatea ez da existitzen den errealitate osoa", eta beraz, gizarte-erakundeen eta kolektiboen lana ezinbestekoa da egun", uste dute.
Beste alde batera begiratzeari utzi eta eskubiderik oinarrizkoenak pertsona guztiei bermatzeko eskatu dute, hori baita legez duten betebeharra erakundeek, inor egoera miserablean utzi gabe.