Azken minutuko gola, azken uneko merezitako berdinketa. Gizonezkoen Osasuna puntu bat eskuratuta itzuliko da Mallorcatik, 93. Minutuan Boyomok sartutako golari esker. Gorritxoek gehiago merezi zuten, lehen zati ona eta bigarren parte nagusia egin eta gero, baina kontrako penalti batek maldan gora jarri zien norgehiagoka. Catenak Muriqi lurrera bota zuen eta honek Mallorca aurreratu zuen 91. Minutuan. Minutu batzuk lehenago epaileak ez zuen penaltirik ikusi ordea, Maffeok baloia eskuz ukitu zuenean. Mallorcaren gola unerik txarrenean ailegatu zen, Osasuna gora eginda zegoela, hiru puntuen bila. Vicente Morenoren mutilek ordea, burua altxatzen asmatu zuten. Taldea berdinketaren bila Mallorcaren areara joan zen. Atzelariak aurrelari bihurtu ziren. Epaileak zortzi minutu luzatu zuen neurketa, eta 94. minutuan iritsi zen gola. Kike Barjak egin zuen erdiraketa, Budimirrek buruz area txikira bidali baloia, Mallorcako atezainak urruntzen saiatu zen baina aldaratzea Boyomori iritsi zitzaion, eta erdiko atzelariaren golak merezita puntua eman dio Osasunari. Zoramena bertaratutako dozena bat zale gorritxoen artean. Eta oraindik izan zen emaitza are gehiago borobiltzeko aukera 97.minutuan Catenak azken saiakera egin zuenean baina Greiffek gelditu zuen baloia.
Eta orain Real Madriden kontrako partida prestatu behar. Madrildarrak hiru puntuen beharrarekin iritsiko dira Sadarrera, sailkapeneko goialdea estutu baita azken jardunaldian. Osasuna bederatzigarren da, 31 punturekin, europatik lau puntura, jaitsiera postuetatik bederatzira. Norgehiagoka larunbatean arratsaldeko lauak eta laurdenetan izanen da.