AHTko langileen lan baldintzak salatzeko manifestazioa Iruñean

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 10a, 19:53

‘AHTak esklabo bihurtzen gaitu. Progresoaren k-aht-eak hautsi’ lelopean, larunbata eguerdian Diputaziotik abiatuko da

AHTaren obretako langileen testigantzak jaso ditu AHT Gelditu! Nafarroa elkarteak eta “aspalditik desagerrarazi behar ziren esklabotza-baldintzak gogorarazten” dizkietela salatu dute. Lanaldi amaigabeak aparteko orduak kobratu gabe, drogen kontsumoa lanaldiei eutsi ahal izateko, segurtasun-falta, babes-neurri egokirik ez edota tratu txar arrazista eta homofoboak jaso dituzte: “Horrek guztiak AHTaren obrak XXI. mendeko esklabotzaren adierazle nagusietakotzat hartzera garamatza.  Zapalkuntza-baldintza horiek gabe, AHT bezalako makro azpiegiturak ez lirateke posible izango beren neurriz kanpoko kostuarengatik, edozein ekonomiarentzat onartezina dena”.

Ohar bidez ohartarazi dutenez, “baliabide publikoak AHTan eta beste azpiegitura handi batzuetan xahutzen diren bitartean, esklabo bihurtutako klase herrikoiek murrizketa sozialen eta pribatizazioen politikak jasaten dituzte oinarrizko sektoreetan, hala nola zaintzan, hezkuntzan eta osasun publikoan, elikadura eta etxebizitza duinak eskuratzeko aukerarik gabe”.

12.000 milioi euro baino gehiagoko kostuarekin, “AHTa aurrerapenaren eta modernitatearen adierazpenik gorena zen. Baina aurrerapenaren mitoa, AHTarena bezala, oso azkar pitzatzen ari da. Obren ondorioz, besteak beste ekosistemen suntsiketa, lurraldearen zatiketa eta okupazioa, biodibertsitatearen galera, milioika espezieren desagertzea, lurraren, uraren eta airearen kutsadura, oihan-galtzea eta desertifikazio orokortua…”.

Honen guztiaren aurrean, antolatzaileen esanetan “kateak apurtzeko unea iritsi da, esklabo egin eta suntsitu egiten baikaitu. Lurra defendatzea eta kapitalismoa gainditzea da gizadiarentzat etorkizun duina eta bidezkoa ziurtatzeko berme bakarra”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!