Joan den urtean 26 langile hil ziren Nafarroan, azkeneko hamarkadako kopururik altuena

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 10a, 18:46

LABek, CGT/LKNk, Steilasek, ESK-k, EHNE-Etxaldek eta Hiruk mutualitateak publiko egitea, ikuskatzaileen kopurua gehitzea eta Lan Osasun Publikoaren Institutuak isunak jartzeko aukera izatea eskatu dute

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek 2024. urtean Nafarroan gertaturiko laneko ezbeharren kopuruen inguruko txostena aurkeztu dute. Joan den urtean 26 langile hil ziren Nafarroan lanean edota lanerako bidean. Nafarroako Gobernuak 22 izan direla esan duen arren, sindikatuek beren afiliatu sarearen bidez izan dute heriotza horien guztien berri.

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, sindikatuek salatu dute istripu kopuruak ez duela etenik, “nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen, istripu gehien eragiten dituzten sektoreetatik kanpo”.

Txostenak jasotzen duenaren arabera, azken 10 urteetan gutxienez 612 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian, horietatik 141 Nafarroan. Aurreko urtean 64 hil ziren Euskal Herrian, horietatik 26 Nafarroan, azken hamarkadako kopururik altuena.

26 horietatik, 9 heriotz ez-traumatikoak izan ziren, 8 in itinere, 5 kolpeen edo makinak harrapatuta eta 4 altueratik erorita. Sektoreei dagokionez, aipatzekoa da 9 hildako garraiolariak zirela, 7 industria arlokoak eta 4 eraikuntzakoak.

Txostenean azaltzen denez, eraikuntzan, industrian, garraioan edota basogintzan ematen dira heriotza gehienak. Berriz, gaixotasun profesionalak edota afekzio psikosozialak garatzerakoan, sektore feminizatuek pairatzen dute egoerarik bortitzena: “Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek, aldiz, ez dute bizitzen uzten”, salatu dute sindikatuek.

2024an, enpresek zein mutualitateek 24.000 lan istripu aitortu zituzten, baina hala ere, sindikatuek uste dute istripu asko eta asko erregistratu gabe gelditzen direla. Gauzak horrela, sindikatuen iritziz “patronalak, zein eskuin alderdiek etengabe darabilten absentismoaren arazoa ke-laino bat baino ez da, eta arazo nagusia laneko arriskuak dira, patronalak legedia urratuz eragiten dituen arriskuak”.

Gobernuak zenbait heriotzaren datuak ere ezkutatzen dituela salatu dute sindikatuek. Laneko heriotzen zerrenda ofizialetatik kanpo gelditu ohi direnak garraiolarienak izaten dira, edo in itinere edo in mision gertatzen direnak. Laneko heriotza bezala 2024an ukatu zirenen artean, kasu zehatz bat aipatu nahi izan dute sindikatuek: “Irailaren 16an Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langile bat aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen; bada, hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zuten arren, mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta horiek baliatuz eragin laborala ukatu zuen eta istripu arrunt gisa kalifikatu zuen".

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek jakitera eman dutenez, “jarraituko dugu salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen, jarraituko dugu mutualitateak publifikatzearen aldeko borrokan, eta jarraituko dugu gobernuei eskatzen Lan Osasun Publikoaren Institutuak isunak jartzeko gaitasuna izatea eta Nafarroan lan ikuskatzaile gehiago jartzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!