Eskola eta ikastetxeen errealitatearen analisitik abiatu du kanpaina Sortzenek. Aniztasuna nahi bai, baina ez da euskarazko ereduetara iristen. Sortzenek, Sos Arrazakeriak eta beste eragile batzuen elkarlanarekin D ereduaren ateak zabaldu nahi dizkiete gurera bizitzera etorri diren familiei. Hausnarketan bi esparru ikusi dituzte, lehena, hezkuntza departamentuaren euskararen kontrako jarrera, eta bigarrena barruan gertatzen dena, D ereduak suposatzen duen harresiarena.
Denon eskola, guztiondako euskara lelopean, hausnarketa hauetatik eratorritako kanpaina abiatu du Sortzenek. Auzoz auzo, eragileekin lanean, ikastetxeen komunitateekin aniztasuna eta arrazakeriaren kontrako edukiak landuz eta larunbat honetan, festa antolatuta. Alde Zaharreko Piparrikan, haurrendako jolasak, musika eta hamaiketakora dei egin dute.