Oroibidea webguneak Interneteko Komunikazio Proiektu onenaren Argia Saria jaso du

Bidane Beloki Ezker 2025ko ots. 4a, 11:53

Josemi Gaston eta Cesar Layana saria eskutan. (Argazkia: Argia)

Argia aldizkariaren euskarazko Interneteko komunikazio proiektu onenaren saria jaso du Nafarroako Memoria Institutuaren Oroibidea webguneak. 2020an sortutako artxibo digitala da, frankismoaren biktimen 23.000 testigantza baino gehiago jasotzen dituena.

Nafarroako Memoriaren Institutuaren Dokumentazio Zentroaren artxibo digitala eta Oroimen Lekua da Oroibidea eta Internet kategorian saritu dute "Argia Sariak 2025" ekitaldian. Memoria Institutuko Jose Miguel Gaston zuzendariak eta Cesar Layana Dokumentazio Saileko buruak jaso dute saria.

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Sailaren jarduera-ildo nagusietako baten barruan dago Oroibidea - Memoria Bidea. Gerra zibilaren eta frankismoaren erreferentziazko artxibo digitala da.

Material horiek artxibo-funts publiko eta pribatuetatik, ahozko historiaren bildumetatik eta Institutuak berak nahiz Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak egindako datu-baseetatik eta erroldetatik datoz. Guztira, 23.000 erregistro baino gehiago biltzen ditu. Biktima bakoitzarekin lotutako dokumentu, argazki, elkarrizketa eta erreferentzia bibliografiko guztiak eskura daitezke bertan.

Frankismoak desagerrarazi nahi izan zuena berreskuratzeagatik aitortu dute Oroibidearen lana. "Nafarroa aitzindaria izan da oroimen historikoa berreskuratzeko kontuetan", azaldu du Argiak. "Fusilatutakoak lurpetik ateratzen lehenak izan ziren senideak, biktimen datuak kolektiboki bildu ziren herriz herri, eta beste hainbat ikerketa egin dira geroztik", gaineratu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!