Balio eta meritu handiko garaipena lortu du Osasunak euskal derbyan. reala bezalako talde handi baten aurrean eutsi dute gorritxoek atzealdean eta aurrealdean Aimarrek, Rubenek eta Budimirrek sortutako hirukoteak garaipenera gidatu zuten talde gorritxoa. Bereziki azpimarragarria Arazurikoak egin zuen partidua, erdialde eta aurrealdearen arteko lotura eta joko zuzendari moduan. Oro har, talde osoa, hobeki ikusi genuen, ordenatuta, ideiak argi eta jokaldiak ongi landuta. Hain zuzen, entseiatutako jokaldi batean, alboko sake azkar batean, sartu zuen Budimirrek, atzoko bi goletako bat. Balkandarra bere tokian, ziurtasuna eskainita taldeari, bi gol sartu zituen, Ligako pitxitxien artean hirugarrena, soilik Barcelona eta Real Madriden bi jokalarien atzetik. Partida amaituta, Budimirrek berak azaldu zuen, hiru hilabeteko garaipen lehorte honek eragin dien presioa: “Buruan etengabe ´zergatik ez gara irabazten ari?¨izan dugu, behin ta berriz eta azkenean gaur lortu dugu, taldea horretara dagoelako. Gau handia izan da gaurkoa”
Eta presio hori kenduta, Osasuna berriz gora begira jarri da. 30puntuetara iritsi da, zazpigarren postuan da Europatik gertu. Motibazio pizgarri honekin heldu da osteguneko kopa kanporaketara. Non eta Donostian, berriz Realaren kontra.