Emakumeenganako sexu eraso gehienak gertuko gizonek egin dituztela ondorioztatu du ikerlan batek

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 28a, 10:27

2024an 369 emakumek salatu du sexu indarkeria pairatu izana. %70ak 30 urte baino gutxiago zituen. Eraso gehienak, bikotekideak edo emakumearen gertuko gizon batek, izan senide edo lagun, eginak izan ziren. Ikerketa lanaren emaitzak argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak; lehena da emakumeek sufritzen duten indarkeria sexualaren inguruan.

Ikuspegi feminista batetik, genero perspektibatik egindako txostena dela adierazi du Ruth Iturbide ikerlanaren koordinatzaileak: "Helburu du interbentzioa hobetzeko ezagutza izatea. Indarkeria sexualari estrategia finkoak ezartzea eragin ahal izateko".

Txostenean jasotako guztia kontuan hartuko da politika publiko zorrotzagoak eta espezifikoagoak martxan jartzeko. Nondik hasita? Bada, hasita emakumea erdigunean jarriz. Hezkuntza afektibo-sexualaren bidez, prebentzioaren bidetik. Skolae hezkidetza programaren garrantzia berretsi dute. Biktimaren ber-biktimizaziorik sortu gabe eta estrategia transbertsalen bitartez eragin behar da, uste du Iturbidek: prebentzioa, ahalduntzea eta aktuazioa izanen dira gakoak.

Garrantzitsua da gizonezkoen papera ere: "Kontzientzia hartu behar dute dituzten pribilegioez, eta hortik abiatuta aldaketa posible egin". Modu kritikoan hausnartzea eskatzen duela dio Iturbidek "Botere harremanekin haustea eta ardurak hartzea".

Pornoak dakarren guztia

Kezka sortzen diete baita belaunaldi berriek ere. Berriz ere errotzen ari delako tradiziozko estereotipo zenbait. Pornoaren kontsumoak gora egiten segitzen du. Botere harremanetan oinarritzen den sexua jasotzen dute normaltzat gazteek: "Bideorik bilatuenetako bat izan da 2016ko sanferminetako talde-bortxaketarena", jakinarazi du. Informazio asko dago, baina, ikuspegi kritikoa falta dela argi utzi du Iturbidek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!