Abiadura Handiko Trenaren lanetan "esklabutzazko" lan-baldintzak salatu dituzte

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 27a, 09:27

AHT Gelditu Nafarroak sindikatuen ordezkariekin eta zenbait gizarte eragileetako kideekin egin zuten salaketa publikoa.

Abiadura Handiko Trenaren obretan XXI.mendeko "esklabutza" sufritzen ari direla zenbait langile salatu du  AHT Gelditu! Nafarroa taldeak. Testigantzak bildu dituzte, bereziki Tafallako Monte Planoko tuneletan aritzen diren langileen artean.

Lan jardun amaiezinak, segurtasun falta, mehatxuak, umiliazioak, irainak, tratu arrazistak eta horren luzeak ziren lanaldiei eutsi ahal izateko drogaren kontsumoa ere ohikoa izaten dela adierazten duten hitzak jaso dituzte, lekuko. Hori gutxi balitz, nominak faltsutzen dizkietela, ordu estrak ez dizkietela ordaintzen eta obretan lardaskeria eta ustelkeria nagusi dela ere adierazi dute. Enpresa arduradunek badakite. Erakundeetako ordezkariak ere jakinaren gainean daude, baina inork ez du deus egiten, kexu dira.

Ez dira gainera, kasu isolatuak. Ez dira bakarrik Tafallako tunel horretan gertatzen. Lan-baldintza negargarri horiek errepikatu egiten dira Euskal Herriko Abiadura Handiko Trenaren obretako bestelako tuneletan ere, hala jasoa du Urko Apaolaza kazetariak Zuloan. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena izenburuko liburuan.

Lan ikuskaritzan aurkeztu dituzte salaketok AHT Gelditu Nafarroako taldeko kideek. Prekarietatea eta esklabotza agerian geratzen direlako. Aitortzak jasotzea ez da batere erraza izan. Azpiegitura horren eraikuntzan gertatzen ari diren lan-baldintzak salatu dituzte, langileen bizitza eta osasuna etengabe arriskuan jartzen dituztelako eta aspalditik desagerrarazita beharko lukeen esklabotza garaietara eramaten dituztelako.

AHT Gelditu Nafarroarekin batera zenbait sindikatuk (tartean ELA, LAB, ESK, CGT eta CNT), alderdi politikok (EH Bildu eta Zurekin) eta taldek (SOS Arrazakeria, Langile Autodefentsa Sarea, Iruñerriko Kontseilu Sozialista, Haritu) egin dute bat salaketarekin. Gogoratu dute, Euskal Herrian 12 lan-heriotza izan direla AHTaren obretan.

Langileen oinarrizko eskubideak urratzen direla salatu dute. Erakundeei, dagokien erantzukizunez jokatzeko eskatu diete, eta ez orain arte bezala, beste aldera begiratuz eta enpresekin bat eginez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!