Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) parte-hartze prozesu bat jarriko du martxan, despopulatzearen arazoari aurre egiteko asmoz. Horretarako, eskualde guztietan bilerak antolatuko ditu proposamenak biltzeko. Urtarrilean eta otsailean zehar egingo da eta udal ordezkari guztiei zuzenduta egongo da, izan alkate, kontzeju buru bai edota zinegotzi.
Udal eta Kontzejuen Federazioak jakitera eman duenez, lan-saioetan bost arlo desberdin jorratuko dira: zerbitzuak, ekonomia eta enplegua, mugikortasuna eta komunikabideak, etxebizitza eta finantzazioa eta fiskalitatea. Helburua, “fenomeno honen analisi integrala egitea da, eskualde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz eta toki-erakundeetako arduradunen parte-hartze aktiboa sustatuz”, Federazioak ohar bidez azaldu duenez.
Lehenengo bilera urtarrilaren 28an izango da Irunberriko Gizarte Exean, eta Zangoza eta Pirinio-aurreko eskualdeetako toki-erakundeei zuzenduta egongo da. Gainontzeko saioak otsailean izango dira. Otsailaren 4an Ariben (Pirinioetako Eskualdea); 6an Allon (Lizarraldeko Eskualdea); 10ean Irurtzunen (Larraungo Eskualdea eta Sakana); 13an Garesen (Izarbeibarko Eskualdea eta Erdialdea); 18an Donezteben (Baztan-Bidasoako Eskualdea); 20an Arguedasen (Erriberako Eskualdea eta Erribera-goiena); eta 25ean Arangurenen (Iruñerria).
“Prozesuaren ondorioak txosten batean bilduko dira eta NUKFk Nafarroako Gobernuari helaraziko dio idazkia despopulazioren aurka eta landa garapenari buruz egingo duten foru legerako ekarpen gisa; Nafarroako Parlamentuak egindako Erkidegoaren egoerari buruzko azken eztabaidan onetsi moduan”.