ELA eta STEILAS sindikatuek helegitea jarri diote Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen dekretu berriari. Nafarroako Gobernuak herritar euskaldunen eskubideak urratzen dituela ere salatu dute.
Sindikatuen iritziz, “dekretu berrian, eremu ez-euskaldunean euskara merezimendu gisa desagertzen da, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontuan har daitezke. Halaber, eremu mistoko edozein lanpostutarako euskararen gutxieneko balorazioa desagertu da, departamentu bakoitzak tarte zabala izanen duelarik interpretazio murriztaileak egiteko”.
Gainera, aurreko zirriborro batetik Osasunbideko lanpostuetarako eremu mistorako balorazio orokorra ezabatu dela ohartarazi dute, baita udalen autonomia euskara baloratzerako orduan nabarmen jaitsiko dela ere.
ELA eta STEILAS sindikatuek jakinari dutenez, “arrazoi guzti hauengatik erabaki dugu helegitea jartzea, bidegabekeria hau zuzentzeko eta Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko. Bada garaia alde batera uzteko errealitate soziolinguistikoaren mantra, egoera erruz aldatu delako 1986tik eta, bestetik, hizkuntza politikek berek sortzen dutelako, hein handi batean, errealitate bidegabe hori”.
Azkenik,1986ko Euskararen Legea gainditu behar dela adierazi dute, “eskubide urraketari babes juridikoa ematen dion araudia delako. Eta euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa guztian, inongo apartheidik gabe”.