Irailean Tenerias Omegak itxiera iragarri zuen eta 79 langileren lanpostuak kolokan geratu ziren. Hasieratik batzordeak defendatu du “lana eta eskaerak bazeudela” eta hasieratik, “ahalik eta lasterren itxi eta prozesua Fogasara bidali besterik ez zuten egin nahi izan”. Batzordeak ez zuen etsi eta mobilizazioetan jarraitu zuten lantegia ez ixteko.
LABeko lau delegatuk eta ELAko delegatu batek osatutako Tenerias Omegako Enpresa Batzordeak jakinarazi du ohar baten bitartez lanpostu guztiak kentzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea gelditu dutela, jarduerari eusteko asmoa duten bi erosketa eskaintza daudelako.
Bi proiektu ezberdin daude mahai gainean: batean 44 lanpostu mantenduko lirateke, eta bestean, 40. Orain, epaileak zein eskaintza onartu zain dago, eta, ondoren, hamabost eguneko epea egonen da beharrezkoak diren alegazioak egiteko.
Sindikatuen ordezkariek albiste ona dela nabarmendu duten arren, “etorkizuneko zuzendaritzarekin negoziatzen” jarraituko dutela adierazi dute; lanean hasteko prest dauden langileen zerrendak adostasunez egiteko eta itzuli nahi ez dutenentzako aternatibarik onena bilatzeko.