Bide onera itzultzeko aukera izan zuten atzo, garaipenik gabeko bolada luzeari bukaera emanda. Etxeko beroan, ordea, hotz samar gelditu ziren. Batez ere lehen zatian: presio estu eta koordinatua egin zien Rayo Vallecanok, eta baita gol bat ere, Sergio Camelloren bidez.
Nafarrek San Mameseko hamaikako bera zelairatu zuten, eta apustua gaizki atera zitzaion Vicente Morenori. Atsedenaren ostean Raul Garcia de Haro zelairatu zuen, sistema aldaketa eraginez, eta hain justu, Raul izan zen markagailuan oreka berrezarri zuena, jokaldi ikusgarri bat buruz biribilduta.
Partidaren azken ordu erdian garaipenaren bila jardun zuen Osasunak, baina nahia ezinarekin nahastu zitzaion, argitasun faltaren ondorioz. Rayok ontzat eman zuen berdinketa, baina irabazteko aukera ere izan zuen, Isik zelai-erditik egindako jaurtiketa ikusgarri bati esker. Azkenean, puntu banaketa izan zen bi taldeen artean.
Partidaren analisia egin dute Unai Lakok, Ane Martiarenak eta Oier Zumarragak, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.