Manifestazio jendetsua, Sunsundegiren etorkizuna galdegiteko

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 20a, 09:52

Sunsundegiren etorkizunari eusteko aldarrikatu dute Altsasun hiru mila lagunetik gora. Soluzio bideak galdegin dituzte, Sakanan lan eta bizi nahi dutelako. Industria plana eta kalitatezko enplegua beharrezkoak direla aldarrikatu dute.

Lan Erregulazio Espedientea bukatzen zen egunean berean, atzo, kalera atera ziren langileak, familiak eta gertuko hainbat eta hainbat bizilagun Sunsundegiren etorkizunaren alde. Dena dela, Lan Erregulazio Espedientea beste hiru hilabetez luzatzea erabakia du zuzendaritzak, besteak beste, egon litekeelako enpresaren bat interesa izan lezakeena Sunsundegirekin.

Soluziobideak galdegin dituzte, Sakanan lan eta bizi nahi dutelako. Industria plana eta kalitatezko enplegua beharrezkoak direla aldarrikatu dute. Une erabakigarria dela badakite. Hilabete baten buruan erabakiko delako enpresaren etorkizuna. Orain arteko kudeatzaileek egin ez dutena egiteko unea dela uste dute, Sunsundegik baduelako merkatua eta baduelako zeregina. Aurrera begirako erronka berriei ekiteko garaia dela iritzi dute. Sunsundegi enpresa estrategikoa izan daiteke dagoeneko badatozen mugikortasun eredu berriei aurre egiteko.

351 langile ditu egun, Sunsundegik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!