Partida borobila egin zuen bart Osasunak San Mamesen. 2 eta 3 irabazita, egungo txapelduna kanporatu eta final laurdenetarako txartela lortu zuen. Azkenaldian falta izan zaion ate aurreko eraginkortasuna izan zuen lagun atzo talde gorritxoak, oso fisikoa eta eroa izan zen partiduan.
Atlhetic indartsu atera zen berdegunera. Presio handia egiten eta erritmo bizian jokatuz. Lehenengo ordu erdian gol aukera bakanetakoak etxekoek izan zituzten, baina Osasunak lan sendoa egin zuen defentsan eta beti bezain eraginkor ibili zen Herrera atezaina.
Osasunak berriz lehen gol aukeran lortu zuen huts eta batekoa. Eta nolako gola gainera, Aimar Orozek sartu zuena Aresoren erdiraketa modu ikusgarrian errematatuz. Bi minutu geroago iritsi zen bigarrena penaltiz. Paredesek pase txarra eman zion Agirrezabala atezainari eta honek Budimir jo zuen, baloia urrundu aurretik. Osasunako atzelariak ez zuen barkatu.
Atsedenaldira huts eta bikoarekin iritsi behar zela pentsatzen genuenean eta San Mames mutu geratu zen unean lortu zuen Athleticek bat et bikoa. Gol psikologikoa esaten dioten horietakoa. Williams anaien arteko konexio zoragarria ikusi zen beste behin. Iñakik jokaldi ederra egin eta heren erdiraketa ate barrura sartu zuen Nico Williamsek.
Indarra eta animoa eman zion gol horrek Bilboko taldeari eta bigarren zatiaren hasieran gol aukera asko izan zituen. Fruituak ere jaso zituen, 55. minutuan De Marcosek egin zuen berdinketaren gola. Bere zaleen bultzadarekin minuturik onenak egin zituen Valverderen taldeak orduan, baina ez zuen asmatu ate aurrean. Eta badakigu askotan zer gertatzen den horrelakoetan, aurkariak hartzen duela aurre.
Eta horixe bera gertatu zen San Mamesen. Budimirrek aprobetxatu zuen Agirrezabalak egindako urruntze oker bat bi eta hirukoa jartzeko markagailuan. Eta partidua bukatu arte maisuki moldatu zen Osasuna markagailuari eusteko.
Osasuna final laurdenetan da, hurrengo aurkariaren zain, txapelduna kanporatu eta gero.