KIROLERRIA

Jorik gabe, eta joera txarrean

Eñaut Agirrebengoa 2025ko urt. 13a, 17:20

Itxura ona eman arren, Osasunak galdu egin zuen atzo Atletico Madrilen zelaian.

Ligako liderrari begietara begiratu zion aldaketaz jositako taldearekin. Ordea, gola jaso ostean, gorritxoak ez zuten aurkaria estutzerik izan. Joa falta izan zitzaien erasoan, eta esku hutsik itzuli behar izan zuten Iruñera: 1-0.

Julian Alvarezek egin zuen partidako gol bakarra, 55. minutuan. Aurretik, oso lehen zati txukuna osatu zuen Osasunak. Hasieran sufritu ostean, baloiaren jabe egin zen, eta markagailuan aurrea hartzeko aukera izan zuen Herrandoren bidez. Atleticok gutxiren asko egin ohi du, baina asko kosta zitzaion nafarren harresian zirrikituak topatzea.

Bada, Osasunaren babeslekuak gaizki defendatutako korner batean egin zuen eztanda. Julian Alvarezek bakar-bakarrik errematatu zuen area barruan. Egoera bere onera ekartzen saiatzeko, aulkian utzitako izarrak zelairatu zituen Vicente Morenok. Gorritxoak, ordea, ez ziren aurkariak mehatxatzeko gai izan. Gauzak hala, garaipenik gabeko zazpigarren partida kateatu zuten.

Kopari begira daude orain: ostegunean Athleticen kontra jokatuko dute, San Mamesen, final-laurdenetan sartu nahirik.

Emakumeen taldeak, berriz, hasiera ona eman zion urteari: 1 eta 0 irabazi zuen atzo Sporting Huelvaren kontra. Lau partida zeramatzan Taxoaren gailendu gabe, baina Elena Valejek sartutako golak bukaera eman zion etxeko bolada txarrari. 19. minutuan egin zuten gola gorritxoek, eta hortik aurrera tinko eutsi zioten sariari. Garaipen horren ondotik, zazpigarrenak dira sailkapenean, kanporaketa postuetatik bi puntura.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Ane Martiarena, Unai Lako eta Oier Zumarraga, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!