Osasuna

Porrot duina, baina porrota

Juan Kruz Lakasta Zubero 2025ko urt. 13a, 07:16

Osasunak bat eta huts galdu zuen atzo Wanda Metropolitano futbol zelaian, Atletico de Madriden aurka. Porrot horren ondoren, gorritxoak hamaikagarrenak dira sailkapenean, 25 punturekin. Jaitsieratik bederatzira daude, Europatik bostera.

Vicente Morenoren Osasunak zazpi jardunaldi daramatza jarraian garaipenik lortu gabe. Entrenatzaile valentziarrak aldaketak egin zituen bai eskeman, baita hasierako hamaikakoan ere. Dena aldatu zuen, emaitza izan ezik.

Morenok apustu ausarta egin zuen, osteguneko Athleticen aurkako Kopako kanporaketa buruan. Ligan pisu handia izan ohi duten jokalari ugari aulkian utzi zituen, eta Ruben Peña, Pablo Ibañez, Moi Gomez eta Raul Garcia hasieratik zelairatu.

Hiru erdiko atzelarirekin, taldeak lehen zati serioa egin zuen, ongi eutsiz talde madrildarraren erasoko jokoari. Ongi aritu zen, bigarren zatian, 55. minutuan, gaizki defendaturiko korner batean, Julian Alvarezek gola sartu zuen arte.

Hortik aurrera, gorritxoen jokoa sortzeko zailtasunak oso agerian geratu ziren. Atletiren defentsa sendoaren aitzinean, ezintasun kamutsa. Azkenean, lehen mailako liderraren kontra porrot duina, baina porrota.

Edonola ere, Osasunak lehen itzulia itxi zuen atzo, eta 2019an Lehen Mailara itzuli zenetik bigarren onena da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!