(H)ilbeltza, urtarrilaren 20tik 26ra Baztanen

Bidane Beloki Ezker 2025ko urt. 8a, 10:45

(H)ilbeltzaren antolatzaileak. Argazkia: (H)ilbeltza.

Euskal nobela beltzaren astea ospatuko dute hamaikagarrenez Baztanen. Liburu aurkezpenak, solasaldiak, mahai-inguruak eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte.

Kolpeak, oihuak, hilketak, musika, hitzak... Hamaikagarrenez dago ate joka nobela beltzaren astea. Urtarrilaren 20tik 26ra (H)ilbeltza ospatuko dute Baztanen. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira bailarako hainbat herritan.

Aurtengo bideo iragarleaz BIRA Produkzioak arduratu da eta ikus entzunezkozko protagonistei Olaia Inziarte, Jon Alonso eta Patxi Larrionek jarri diete ahotsa. Hauxe da aurtengo spota:

Egitaraua

Jarduera guztiak irekiak eta doakoak dira. Bazkarirako ordea, ezinbestekoa da izena ematea aldez aurretik, eta ordainpeko jarduera da. Hauek dira egitaraua osatzen duten ekitaldi nagusiak:

Urtarrilak 20, astelehena

Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza eleberria ardatz hasiko da (H)ilbeltza. Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza beka irabazi zuen iaz Oizek eta ondutako lanaz mintzatuko da Arizkungo medikuaren etxean, arratsaldeko 19:30ean.

 

Urtarrilak 22, asteazkena

Idoia Santamaria itzultzaile eta zuzentzaileak Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak solasaldia gidatuko du Anizeko elkartean, arratsaldeko 19:00etan.

 

Urtarrilak 24, ostirala

Arg(h)itzen dokumentala pantailaratuko dute Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan. Torturatutako 30 sakandarren lekukotzak eta adituen hitzak jaso dituzte dokumentalean.

 

Urtarrilak 25, larunbata

Larunbata egun beltza, egun nagusia, izango da. Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahai-inguruarekin abituko da egitaraua. Mahaiaren bueltan Edurne Elizondo kazetaria eta Mikel Elorza editorea izango dira Isabel Jaurenak gidatuta. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 11:00etan.

Eguerdian, 14:00etan bazkaria antolatu dute Erratzun eta sarrerak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera mezua bidalita lortu daitezke.

Bazkalondoan bi liburu aurkeztuko dituzte. Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa, non idealizatutako familia eta natura deseraiki dituen, eta, klima larrialdia eta Euskal Herriko politika ardatz duen Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba dira proposamenak.

Azkenik, iluntzearekin bat, Ilargipeko enigmak, susmagarrien gaua, jolasean aritzeko proposamena, Erratzuko ostatuetan barna.

 

Urtarrilak 26, igandea

(H)ilbeltza ixteko, Xartolako Axeriitzuli beltza egingo dute 11:00etan, Azpilkuetatik abiatuta. Arratsaldean berriz, 19:00etan, Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia ikuskizunak emango dio itxiera. Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak ondu dute lana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!