Errepide istripuan hildakoen kopuruak gora egin du aurten Nafarroan

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 30a, 07:14

N-121-A errepidean aurten ez da hildaorik izan.

2024an 23 lagunek galdu dute bizitza Nafarroa Garaiko errepideetan, aurreko urtean baino sei gehiago. Beraz, hazkundea %35ekoa izan da. Datua baloratzeko tenorean ezin atzendu hildako gutxieneko hirugarren urtea dela historia osoan.

Hildakoen artean, hamahiru autoan edo furgonetan zihoazen; hiru, motoan; bi, bizikletan; eta bana quadean eta patinetean.

Aurten oinezkorik ez da hil errepide istripuan. Nabarmentzeko moduko datua da; izan ere, 2023an bi oinezkok galdu zuten bizitza, ibilgailu batek harrapaturik.

Azpimarratzeko moduko beste datu bat: 2024an ez da hildakorik izan N-121-A errepidean. 2022ko uztailaren 12an izan zen bide horretan azken ezbehar hilgarria, motorista batek izan zuena hain zuzen ere.

Hildako gehien eragin dituen errepidea, aldiz, Tutera eta Mendavia lotzen dituen NA-134 izan da, hirurekin.

Zer pentsa ematen duen beste datu bat, generoari dagokiona: errepide istripuan hildakoen %82 gizonezkoak dira.

Adinari erreparatuta, hildako gehien 45 eta 54 urte artekoen artean izan dira: bederatzi.

Egutegira so eginez gero ikus daitekeena, hildako gehien izan dituen hilabetea abuztua izan dela, bostekin. Eta maiatzean, aldiz, bakar bat ere ez da izan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!