Nafarroako Gobernuak bere ondoeza azaldu du BSHko zuzendaritzaren jarrerarengatik

Haritz Pascual Garjon 2024ko abe. 18a, 14:14

Hilabeteak eman dituzte Eskirozko lantokiaren etorkizuna lantzeko bilera bat eskatzen baina ez dute Alemaniatik erantzunik jaso. Itxierari buelta eman eta lanpostuak babesteko lanean jarriko direla azaldu du Mikel Irujo kontseilariak.

“BSHko zuzendaritzarekin, Munichekin saiatu gara eta idatziz ere bilera eskatu diegu, enpresaren etorkizunaz hitz egiteko” azaldu du Mikel Irujok, “Eskariari ez diote ezta erantzun eta orain itxieraren albistearekin datoz”. Industria kontseilaria, Eskirozko lantokiko zuzendaritzarekin bildu da, langileen ordezkariekin gauza bera egin aurretik. Biendako mezu bera exekutibotik: “Datozen sei hilabeteetan saiatuko gara itxiera erabakiari buelta ematen. Horretarako, Municheko zuzendaritzarekin bildu nahi dugu horretara” azaldu du Irujok, “Berrindustrializazio plan bat ere martxan jarri beharko dugu lantoki eta langileendako, industria ministerioarekin elkarlanean”.

Eskuinak Nafarroako fiskalitateari leporatu dio BSHren itxiera baina Irujok erabat ezeztatu du hori. “Merkatu kuotan eta lantegiaren ekoizpen ahalmenaren galera izan dela dio BSHk eta ez duela zer ikusirik fiskalitateak”. Kontseilariak ardura eta erantzukizuna eskatu die alderdi politikoei zabaltzen ari diren akusazioen inguruan. Irujok ere iragarri du, BSHren jarrera berrikusiko dutela, “Enpresak argitu beharko digu, Nafarroan 2020tik dugun deslokalizazio legea betetzen duen ala ez”. Ezin da ahaztu, Nafarroako ekoizpena Turkia eta Poloniara desbideratu duela BSH-k azken urteotan. Azkenik Irujok lasaitasun mezua bidali nahi zian die Uharte eta Lizarrako enpresako langileei, Eskirozko prozesuak ez duelako haien lantokietan eraginik izango.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!