Azkenaldiko boladaren inguruan, irakurketa baikorra egin daiteke, Osasunak astez aste zakua gizentzen jarraitzen baitu. Baina, era berean, lorturiko puntu gehienek zapore mingots samarra utzi diete gorritxoei. Espanyolen aurka, adibidez, neurketa osoan ez zuten atera behin ere jaurti. Oso etekin urria atera zioten kataluniarren krisialdi eta ahuleziari.
Espanyolek oldarkor hasi zuen partida, baina berandu gabe, baloia nafarrei eman zien. Hortik aurrera, baloia ukitu eta ukitu aritu ziren Vicente Morenoren jokalariak. Guztira, 400 pase baino gehiago eman zituzten. Jabetza antzua izan zen ordea, aurkariaren atezainari ez baitzioten batere lanik eman.
Bigarren zatian erosokorrago aritu zen Osasuna, eta arriskua sortu zuen Ruben Peña eta Raul Garciaren erremateekin. Aukerarik garbiena, ordea, etxekoek izan zuten. Areaz kanpotik indartsu eta zehatz jaurti zuen Pol Lozanok, baina hor agertu zen Sergio Herrera, salbatzaile. Berdinketaren ostean, Osasuna zortzigarren gelditu da, Europako postuetatik puntu bakarrera.
Emakumeen taldeak, berriz, urteko azken partida jokatu zuen atzo, eta gauzak oker atera zitzaizkion: 2-1 galdu zuen Real Madril B-ren aurka. Iosu Dominguezenak txukun aritu ziren lehen zatian, eta aurretik jarri ziren, Judithen gol bati esker. Alabaina, atsedenaren ostean aldatu egin zen neurketaren gidoia, eta etxekoek irauli egin zuten markagailua.
Horrenbestez, bukaera txarra eman dio Osasunak lehen itzuliari. Etenera bederatzigarren iritsi da, playoffetik bi puntura. Urtarrilaren 12an itzuliko da lehiara, Sporting Huelvaren kontra.
Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Ane Martiarena, Unai Lako eta Oier Zumarraga, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.