Espanyolen atezaina kronika hau sinatzen duen kazetaria izan balitz partida berdin amaituko zen hutsean, Cornella El Praten Osasunak ez baitzuen behin ere atera jaurti norgehiagoka osoan.
Vicente Morenoren taldeak denboraldi honetan hori egiten duen hirugarren aldia da, beti Sadarretik at, baina aurreko bi aldiotan aurkariak handiagoak izan ziren -Girona eta Real Madrid- eta honako honetan, aldiz, sailkapeneko azken postuetako lehiakide ahul baten aurka kikildu ziren jokalari gorritxoak.
Morenok marrazkia aldatu zuen: Budimir eta Raul berdegunean; bi hegaleko luze; eta Aimar eta Ruben Garcia barrutik. Eskema aldaketak, alta, ez zuen funtzionatu. Eskemak eskema, Morenoren taldeari anbizioa falta baitzaio Sadarretik at.
Hartara, laugarren berdinketa jarraian. Aurreko hiruetan, taldeak irabazterik izan zuen. Azken honetan, aldiz, lor zezakeen emaitzarik onena lortu zuen, berdinketa; izan ere, golik sartu gabe ez dago irabazterik.
Gauzak horrela, guztiz erabakigarria izan zen Sergio Herrerak norgehiagokaren azken txanpan egindako meritu handiko gelditua. Buruarekin zutoina joz ospatu zuena. Burukada horixe izan zen gorritxoen erremate antzeko bakarra.
Atzo, berreskurapen entrenamendua. Gaur, atsedenaldia. Eta bihartik aurrera, urteko azken partida prestatzera. Euskal derbia izanen da, Athleticen aurkakoa, Sadarren, larunbatean, 18:30ean.