Unai Hualde: “EH Bildu PSNrekin maiteminduta dagoela ematen du”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko abe. 11a, 13:38

Geroa Baik 2015etik “gobernuak eraldatzen” jokatu duen rola aldarrikatu du Napar Buru Batzarreko presidente berrautatu berriak

Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidente izanen da beste lau urtez, EAJko Nafarroa Garaiko eskualde batzar guztiek hautagai bakar moduan bera izendatu eta gero: “Eskertuta nago, beste herrialdeetan ez bezala, Nafarroan burkideek erabaki dutelako egokiena presidentetzan aldaketarik ez egitea dela”.

"EAJ Nafarroan azken 40 urteetako unerik onenean dago"

Hualderen aburuz, Nafarroan EAJ egun “unerik onenean” dago, duela 40 urte EA alderditik zatitu zenetik: “Orduan alderdiaren zuzendaritzak ez zuen jakin izan Nafarroaren berezitasunak ulertzen. Baina ordutik Nafar Buru Batzarrak bere estrategiekin asmatu du, eta horrek espazio abertzalearen aurrerakada ekarri du: Nafarroako eskualde guztietan dauzkagu batzarrak, eta afiliazioa %20 igo da”.

Hualderen burkide Maria Solanak, foru parlamentutik RTVEko Administrazio Kontseilura alde egin aurretik, oso kezkaturik azaldu zen Geroa Bairen etorkizunarekin Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aitzinean. “Hurrengo hauteskundeetara begira hausnarketa bat egin behar dugu, baikortasunez. Geroa Bairen bozkatzaile batzuek abstentziora jo dute. Lan instituzionalaren bitartez nola hazi eta gure lekua nola mantendu aztertu behar dugu”, adierazi du Hualdek, Solanaren adierazpenez galdetuta. Edonola ere, NBBeko presidentean Geroa Bairen aldeko apustua berretsi du: “Nire ibilbide politiko osoan egin izan dut Geroa Bairen alde, eta berriro egingo dut”.

"EH Bildu ezberdin asko ezagutu ditut"

Bestalde, Geroa Bairen jokabide instituzionalaren norabide berean mugitzen ari da EH Bildu, Hualderen iritziz: “Guk beti jokatu izan dugu berdin. Beti defendatu izan ditugu desberdinen arteko akordioak eta elkarlan instituzionala. Baina politikan nagoenetik oso EH Bildu ezberdinak ezagutu ditut. Altsasun, adibidez, oposizio gogorra egin zuen Geroa Bairen eta PSNren aurka. Eta orain, aldiz, EH Bildu PSNrekin maiteminduta dagoela ematen du”.

Hualdek gaineratu du NBBen datozen lau urteotarako helburuak lantzen ari direla egun, eta 2025eko batzarrean burkideei aurkeztuko dizkietela. Nolanahi ere, lehentasunak argi dauzka: “Gizartea dinamizatzea, udalgintza, euskaran aurrerapausoak ematen segitzea, autogobernua garatzea eta abertzaletasuna indartzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!