Alfonbra gorria zapaltzen eta sindikatukideak alboan txaloka zituztelarik sartu dira Nafarroako Jauregira ELAko kideak. Eskutan, hilabeteotan bildutako 3.600 sinadura baino gehiago. Adinekoen egoitzetako lan hitzarmenaren lan gatazka behin betiko desblokea dadin eskatu nahi izan diote horrela Nafarroako Gobernuari. “Diru publikoarekin finantzatutako sektorea bada ere, enpresa pribatuek kudeatzen dute, horietako batzuk funts putreak, Gobernuak ez du gaur arte baldintza duinak dituen hitzarmena sinatzea ahalbidetzen duen aurrekontu partidarik sartu” azaldu du ELA sindikatuko bozeramale Izai Bujanda.
“2021ean negoziazio mahaia ireki zenetik, eta 22 greba egun baino gehiago egin ondoren, langileek egiaztatu dute lan baldintzak hobetzea ez dela premiazko gaia Nafarroako Gobernuarentzat” salatu du Bujandak. ELAk sektoreko langileentzako eduki zehatzak aldarrikatzen ditu: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria %100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea. Sindikatuak mobilizazioekin eta grebekin jarraituko duela iragarri du: “Langileen baldintzak hobetuko dituen eta, azken finean, zaintza sistema ere hobetuko duen hitzarmena lortu arte”.