Osasuna

Azken txanpa onean ezin konpondu hasiera txarra

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko abe. 9a, 07:14

Budimir, partidako azken txanpako erremate ugarietako batean. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bina berdindu zuen atzo Sadarren, Alavesen aurka. Berdinketa horren ondotik, gorritxoak zazpigarrenak dira Lehen Mailako sailkapenean, 24 punturekin.

Osasunari berehala jarri zitzaion maldan gora euskal derbia, Kike Garciak Sadarreko historiako golik goiztiarrena sartu baitzuen Alavesentzat, 37. segundoan. Gorritxoei kosta egin zitzaien kolpe horren ondotik berpiztea. Min harturiko Bryan Zaragozaren ordez ezker hegalean Abel Bretones atzelaria erdilari lanetan jartzeak ez zuen lagundu.

Halako batean, korner batean, Alaveseko Mourinhok Osasunako Budimir elastikotik nabarmen heldu zuen, area barruan. VARetik Soto Grado epailea deitu zuten, baina penaltirik ez zela izan ebatzi zuen, aurretik Catenak Mourinhori ustez egindako blokeo bategatik.

Bigarren zatian aldaketa garrantzitsua egin zuen Vicente Morenok: Juan Cruz kanpora, Raul Garcia zelaira bigarren aurrelari moduan, eta Bretones defentsara. Osasunaren jokoa nabarmen hobetu zen, eta taldeak bi gol egin zituen oso denbora gutxian: Budimirren denboraldiko hamargarrena, geldikako jokaldi katramilatsu batean area txikiaren barrutik egindako errematean, eta Ruben Garciaren beste bat, falta batean, karanbola txiki baten laguntzaz.

Eromena Sadarreko harmailetan, bi gizonek festa zapuztu zuten arte: batetik, Kike Garcia gorritxo ohiak babazorroen bigarrena egin zuen kontraeraso batean; bestetik, Sivera atezainak behin eta berriz ekidin zuen gorritxoen hirugarrena, meritu handiko geldiketen bitartez.

Hartara, bigarren zatiko azken txanpa bikainean ezin konpondu lehen zati hasiera pattal batean hautsitakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!