FSC-CCOO eta CGT sindikatuek biharko, osteguna, abenduak 5, eta astelehenerako, abenduak 9, (00:00etatik 24:00ak arte), deitu duten sektore-greba dela-eta, eta 98/2024 eta 111/2024 foru-aginduak aintzat hartuta, Eskualdeko Hiri Garraioaren gutxieneko zerbitzuak ezarri dira. Hain zuzen, hauek izango dira:
Eguneko zerbitzua
Bi egunetan: % 60koak izango dira puntako orduetan (06:30etik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era), eta % 40koak, ordu lasaietan (09:30etik 13:00etara, 15:30etik 17:00etara eta 20:30etik 22:30era), laneguneko garraio-zerbitzu arruntari dagokionez.
Halaber, puntako ordutik ordu lasaira igarotzen den uneetan (09:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), zerbitzua errespetatu beharko zaie autobusean bidaiatzen ari diren pertsonei, ibilbidea jarraituta hurrengo bururaino, autobusean jaitsi gabe dauden pertsonak dauden bitartean eta eskatzen duten geralekuetan geldituta, gero, eta behin autobusa hutsik dagoenean, garajeetara eramateko ibilgailua.
Gaueko zerbitzua
Abenduak 5: orduan zerbitzu bat egingo da gaueko lineetako bakoitzean, N12, N13, N14, N15 eta N16 lineetan izan ezik, linea horiek gutxieneko zerbitzu bat egingo baitute bi ordutik behin. Zehaztu behar da gaueko linea guztiek aurreneko eta azkeneko zerbitzua egingo dutela beren buruetako bakoitzetik.
Abenduak 9: linea bakoitzeko zerbitzu bat gutxienez buru bakoitzetik egitea ezartzen da.
Aukeratzeko beste garraiobiderik ez duten pertsonek hiri-garraioan lan-jardunaldiko ordu-tarte horietan gutxi gorabehera egiten dituzten 83.000 bidaiei eragingo die nagusiki aurreikusita dagoen grebak.
Zerbitzuaren xehetasunak billabesetan eta Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean (www.infotuc.es) kontsultatu ahal izango dira.
Aipatzekoa da, hasiera batean, greba zenbait egunetarako planteatu zutela: joan zen urriaren 28a, azaroaren 11 (azkenean bertan behera utzi zen), 28a eta 29a, abenduaren 5a eta 9a (kasu horietan guztietan, 00:00etatik 24:00ak arte), eta abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera, iraupen mugagabearekin.
Lehen batean grebarako deia FSC-CCOO, CGT, FESMC-UGT eta SLT sindikatuek egin bazuten ere, azken bi horiek bereizi egin ziren, sektoreko patroiekin akordio bat izenpetzean.