“Ez dugu onartzen Hezkuntza Departamentuak egindako mehatxu eta ultimatuma” adierazi dute sindikatuek, “Gaur sinatzera behartu nahi gintuzten dokumentuak ez ditu irakasleon aldarrikapenak inolaz ere asebetetzen”. Horrela, ratioen jaitsiera orokorrik ez zela planteatzen salatu dute eta beste eskakizunetan, burokrazia gutxitu eta plantillak egonkortzea, asmo hutsean utzi dituztela azaldu dute. Soldata igoera ez da ezta proposamenean sartu ere. “Gimenok 5 urte luze izan ditu sindikatuekin negoziatzeko eta orain, mobilizazioak bultzatuta irekitako negoziazio prozesua korrika eta presaka eta eskaintza lotsagarri batekin itxi nahi du” azaldu dute.
Gaur eguerdiko bileran beraz, irakasleen gehiengoa ordezkatzen duten STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuak mahaitik altxa eta akordioa sinatu gabe irten dira kalera. UGTk, AFAPNAK eta ANPEk ordea akordioa babestu dute, haien esanetan mobilizazioek dagoeneko ez dutelako besterik ematen. “Sindikatuen gehiengoaren borondatea errespetatzen ez duen akordioa antidemokratikoa da” erantzun du gehiengo sindikalak.
Gauzak horrela, urtarrilaren 30ean ikasturteko hirugarren irakasle greba izanen da. Horren aurretik, abenduaren 19an, Parlamentuan aurrekontuak eztabaidatzen eta onartzen ari direlarik, elkarretaratzera deitu dute ganbera aurrean.