Donostiako Udalak plaka bat jarriko du larunbatean, azaroak 30, Mikel Zabalzaren omenez. Zabalzaren gorpua 1985eko abenduan agertu zen Bidasoa ibaian, Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunera.
Ekitaldia 12:00etan izango da, Intxaurrondoko Baratzategi kaleko 35 zenbakiaren aurrean, institutu armatuaren kuartelaren sarrerako ateen ondoan. Omenaldian parte hartuko dute Eneko Goia Donostiako alkateak, Udaleko taldeetako ordezkariek eta Zabalzaren senideek.
Donostiako Udalak gogorarazi du ekitaldi honekin 32 plaka jarri dituela indarkeria politikoaren biktimei espazio publikoan ikusgarritasuna emateko ekimen baten barruan.
Mikel Zabalza Garate, 32 urteko gazte Orbaizetarra Altza auzoan bizi zen. Donostiako autobus publikoen gidari gisa egiten zuen lan, eta Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen. Intxaurrondoko kuarteletik igaro ondoren, 20 egun geroago hilda aurkitu zuten Bidasoa ibaian.
Urtero bezala, joan den asteburuan ekitaldi bana egin da Altzan eta bere jaioterrian, Orbaizetan.