Nafarroako Goi Kontserbatorioko hamar bat emakumezko ikaslek salatu dituzte bi irakasleak. Biok hainbat urte zeramattzaten ikastetxean. Bati sare sozialen bitartez ikasleei proposamen sexualak egitea eta jazartzea egozten diote; besteari, ikasgelan iruzkin sexistak eta bestelako aipamen desegokiak egitea.
Bi irakasleei diziplinazko espedientea zabaldu die Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Ikuskaritza Zerbitzuak. Gainera, biotako bat, sexu proposamenak egitea leporatzen zaiona, behin-behinean lanpostutik kendu dute. Kasu hori Espainiako Polizia Nazionala ikertzen ari da, sexu delitua izan daitekeelakoan.
Kontserbatorioko zuzendari Arantza Lorenzo de Reizabalek martxoan karguaz jabetu eta berehala izan zuen Polizia ikertzen ari den kasuaren berri, lau ikaslek salaketa formala aurkeztu baitzioten, sare sozialen bitartez jasotzen zituzten mezuak zirela eta, jazarpen kasu bat zelakoan. Urrian, ikasleetako batek salaketa aurkeztu zuen Espainiako Polizia Nazionalaren aitzinean. Irakaslea joan den astean kendu zuten lanpostutik.
Beste kasua ikasturte honen hasieran ezagutu zen, sei ikaslek salatu zutelarik irakasleak zein nolako iruzkinak egiten zituen gelan haien aitzinean. Irakasle hori bajan da, kasuak oihartzun publikoa izan zuenetik. Zuzendaritzak salaketa jaso eta berehala jarri zuen auzia Ikuskaritzaren esku.
Lorenzo Reizabalek salaketak aurkeztu dituzten ikasleen ausardia nabarmendu du.