Asko sufrituriko finala izan zen atzokoa. Gerendiaindarra fisikoki jota eta psikologikoki guztiz hunkiturik azaldu zen finala amaitu berritan, EITBko lankideen mikrofonoen aitzinera: “Oso hunkiturik nago. Partidua oso gogorra izan da. Pellok oso ongi jokatu du, erritmo handiarekin. Ni lehertuta nengoen. Nerbioak, mamuak… Oso gaizki hasi naiz, baina segi egin dut, eta azkenean irabazi”.
Izan ere, atzoko final parekatua gozamen hutsa izan zen ikusleentzat, eta sufrikario latza, aldiz, pilotarientzat.
Psikologikoki norgehiagoka gogorra izan zen, bereziki, azken txanpara arte, markagailuan beti atzetik joan zen Lasorentzat. 16 eta 15era arte, ez zuen aurrea hartzerik eta mamuak usatzerik izan.
Fisikoki ere final latza, puntu luze, parekatu eta ero andana izan baitzen. Azken txanpan, zenoztarrak larrutik ordaindu zuen nekea, zenbait pilotakada erraz huts egin baitzituen, indarrak ahiturik: “Unaik merezimendu osoz irabazi dit. Opari batzuk egin dizkiot. Bera hor egon da partida osoan sartuta. Akatsak garesti ordaintzen dira”.
Gauzak horrela, Lasok bi harlauza pisutsu kendu ditu gainetik: 2022ko aldaka lesioa, eta Altunaren kontra 22 eta 5 galdu zuen manomanistako azken finala.