Nafarroan egunero 700 emakume bortxatzen dituztela salatu dute prostituzioa deuseztatzearen aldeko plataformek

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 22a, 13:32

Sara Vicente Collado, Yolanda Rodriguez Villegas eta Edurtza Artoleta Elizondo.

Egunero jasaten dute prostituzioan dabiltzan emakumeek indarkeria sexuala. Egunero bortxatzen dituzte. Onartezina da lantzat hartzea patriarkatuak nahi moduan, nahi orduan eta nahi bezala erabiltzen dituenean emakumeen gorputzak. Hori uste du Euskal Herriko Erakunde Feminista Abolizionisten Koordinakundeak.

"Nafarroan 700 emakume inguru daude prostituzio egoeran, 700 emakume prostituitzen dituzte egunero", salatu du Sara Vicente Collado Euskal Herriko Erakunde Feminista Abolizionisten Koordinakundeko kideak. "Merkantzia huts dira", kritikatu du. Hogei urte daramatza Vicente Colladok prostituziora behartuak dauden emakumeekin lanean. "Eskubideak dituztela gogoratzen diegu, baliabideak badituztela jakinarazten diegu eta euren egoera iraultzeko laguntza eskaintzen diegu", azaldu du. "Emakume bakar bat ere ez da ari zeregin horretan nahi duelako", ohartarazi du. Muturreko egoerek bultzatuta iritsi dira prostituziora gehienak. Patriarkatuaren sistemak eramaten ditu horretara eta ongi sustraitutako sareak mantentzen ditu. "Gero eta gutxiago dira prostituzioa eskaintzen duten klubak. Kalean ere ez daude emakumeak. Orain, ikusezinago dago. Etxebizitzetan sartuta. Nahi bezala lekualdatuz eta mugituz. Proxenetek haragi berria eskaintzen diete putazaleei ", esan du. Erabateko mugimenduan egoteak zaildu egiten die emakume horiei sareak sortzea eta laguntza eskatzea, ohartarazi dute. 

Nafarroako 2015eko legea da, bakarra, indarkeria sexual gisara hartzen duena prostituzioa. "Nolabait baimendutako sexu harremana izanda ere, indarkeriazkoa dela onartzen du legeak", jakinarazi dute.  Azaroaren 25ean kalera aterako dira prostituzioarekin amaitzeko beharra dagoela aldarrikatu eta Espainia mailako lege integral bat eskatzeko. Gogoan izanen dituzte azken hogei urtean erail dituzten 79 emakume prostituituak. Lotsa eta estigma aldez aldatu behar dela aldarrikatuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!