Imanol Pascual (ELA): "UPNk agintetik urrun 10 urte daramatza eta fiskalitatean ez da deus aldatu"

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 18a, 13:59

Saioa Urriza, Aitor Murgia eta Imanol Pascual.

ELAk salatu du enpresek 2007an baino ia 100 milioi gutxiago ordaintzen dutela zergetan, eta soldatapeko errentek, aldiz, 810 milioi gehiago. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) egindako 2025erako Neurri Fiskalen Foru Legearen proiektuak Nafarroan dagoen fiskalitate eskasa eta bidegabea mantentzearen alde egiten du berriro.

ELAk fiskalitateari buruzko "Langile klaseak eusten du zerga sistema" izeneko txostena aurkeztu du.
Prentsaurrekoan Imanol Pascual Nafarroako koordinatzaileak, Aitor Murgia gizarte politiken
arduradunak eta Saioa Urriza ekintza sozialeko arduradunak parte hartu dute. Txostenak
ondorioztatzen du Nafarroako zerga bilketaren bolumena Europakoaren oso azpitik dagoela
oraindik, presio fiskala Europako batez bestekoa baino % 6,5 txikiagoa baita. Gainera, diru bilketa
langile klasearen ahaleginaren kontura egiten da:

• Bilketaren ia erdia zeharkako zergetatik dator, eta laneko errentek enpresek baino 3,5 aldiz
ekarpen handiagoa egiten dute.
• 2007tik, BEZaren eta zerga berezien bilketa % 40 igo da, laneko PFEZaren bilketa % 85 igo
da eta sozietateen gaineko zergaren bilketa % 15 jaitsi da (Hungariak, Estoniak eta Letoniak
soilik dute sozietateen gaineko zergan Nafarroak baino presio fiskal txikiagoa EB-27 osoan).

Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) egindako
2025erako Neurri Fiskalen Foru Legearen proiektuak Nafarroan dagoen fiskalitate eskasa eta
bidegabea mantentzearen alde egiten du berriro. Lege Proiektuaren atariko tituloak berak argi uzten
du hori, hitzez hitz esaten baitu "neurriak enpresa jardueraren fiskalitatea hobetzera bideratuta
daudela". Gogoratu behar da, gainera, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu
akordioak EH Bilduren konpromisoa jasotzen duela lege honen onarpena errazteko. ELAk salatzen
du, UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 10 urte igaro direnean, zerga politikak ia berdina
izaten jarraitzen duela.

2025erako neurri fiskalei buruzko Foru Legearen proiektua, funtsean, enpresei eta errentan
hartutako etxebizitzen jabeei zergak jaistea bilatzen duten salbuespen, kenkari eta pizgarri
fiskaletan datza, eta horrek progresibitatearen aurka jo eta Nafarroaren diru bilketa ahalmena
okertzen du. Etxebizitzaren egoerari dagokionez, jabeei zergak jaisteak ez du etxebizitza arazoa
konpontzeko balioko, eta hori ez da gertatuko Gobernuak BPGaren % 0,3 soilik etxebizitza politika
publikoetara bideratzen jarraitzen duen bitartean.

Hau guztiagatik, ELAk zerga politikaren erabateko aldaketa planteatzen du. Horretarako, PFEZa
aldatu behar da errenta altuen zerga tasak handitzeko, Ondarearen gaineko Zerga aldatu behar da,
enpresek euren irabazi kontableen % 25 gutxienez ordainduko dutela bermatu behar da, eta
soldatapekoak ez diren errenta guztiak ikuskatu behar dira, ikuskapenik ezak iruzurra sustatzen
duelako.Azkenik, ELAren ustez, mobilizazioa ezinbestekoa da aberastasuna hobeto banatzen lagunduko
duen zerga politika lortzeko, kapitalari zergak nabarmen handituz. Horregatik, abenduaren 13an,
sindikatuak ekitaldia egingo du ordezkariekin Iruñean, eta manifestazioa egingo du 12:00etan,
Nafarroako Parlamentuan amaituz.

Gutxieneko pentsioen osagarriari dagokionez, ELAk positibotzat jo du neurri hau, nahiz eta oraindik
zenbateko nahikoa ez izan, baldin eta modu eraginkorrean egiten bada. Zentzu honetan, ELAk
kritikatzen du pentsioen osagarria PFEZren kenkari baten bidez gauzatzea, eta ez prestazio
ekonomiko baten bidez. Modu honetan egiteak ez du bermatzen pentsioen osagarria behar duten
pertsona guztiengana iritsiko denik, besteak beste, pentsioak jasotzen dituzten pertsona askok ez
dutelako PFEZ aitorpena egiteko beharrik gutxienekora ez direlako iristen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!