Nafarroa Oinez 2025

Nafarroa Oinez denda, zabalik

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 18a, 08:07

Paz de Ziganda Ikastolak ostiralean ireki zuen Nafarroa Oinez denda izango dena. Lokala Atarrabiako Kale Nagusian dago, eta zabalik egonen da 17:00etatik 20:00etara ostegun eta ostiraletan, eta 10:30etik 13:00etara larunbatetan.

Ostiralean 17:30ean abiatu dira Paz de Ziganda ikastolako erraldoiak, guraso eta ikasleek lagunduta,
kalejiran, ikastola bertatik inaugurazio ekitaldiari hasiera emanez. Material, Muntaia eta
Grafismo Batzordeetako kideak esfortzu eta ilusio handiz lanean aritu dira egun honetan
dena prest izateko. 18:00etan heldu da kalejira alaia, azkenean, berariazko
inaugurazio-ekitaldiari hasiera emateko.

Maider Nuin ikastolako lehendakariak eta Iñaki Erroz zuzendariak bertaratutakoen babesa
eskertu dute denda irekitzean. Arrasate familiari ere eskerrak eman dizkiote, 2010. urtean
bezala, Atarrabiaren bihotzean dagoen lokal bera utzi baitu. «Zuen laguntzari esker, gure
hezkuntza eredua eta euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa bultzatzen jarraitu
ahal izango dugu», adierazi du lehendakariak.

Era berean, Iñaki Errozek «Buruz, Bihotzez, Oinez» leloarekin agurtuz hasi du bere
hitzaldia. Zuzendariak pozik aurkeztu die bertaratutako guztiei Nafarroa Oinezeko
batzordeetako bolondres guztien ahaleginari esker sortutako material ugaria, askotarikoa
eta koloretsua. «Hau guztia gure hezkuntza eredua bezalakoa da: euskalduna,
kooperatibista, elkarlanaren bidez sortua», aipatu du Iñaki Errozek.
Arrosa, berdea eta horia izan dira protagonistak. Kolore biziak, sortzaileen arabera, talde
lana bultzatzen, alaitzen eta uztartzen dutenak. Ekitaldia amaituta, dendara sartu ahal izan
dira material berria ikusteko: kamisetak, kirol-jertseak, botilak, oihalezko poltsak eta abar.
Antolatzaileek adierazi dutenez, denda ostegun eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara
irekiko dute, eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara.

Horrez gain, Eguberriak direla eta, dendak egun eta ordutegi zabalagoa izango duela
jakinarazi dute: abenduaren 16an, 17an eta 18an, 17:00etatik 20:00etara; abenduaren 23an,
10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 24an, 10:30etik 13:00etara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!