Ekonomia sozialaren kontu-ikuskaritza: 41 erakundek 35,3 milioi euro mugitzen dituzte

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 15a, 13:26

Kontu-ikuskaritza sozialaren bidez erakutsi ditu REAS taldeak bere baitan lan egiten duten entitateen egoera ekonomiko eta soziala: 35,3 milioi euroko diru-sarrerak izan dituzte ekonomia sozial eta alternatiboan diharduten 60 erakundeetatik 41ek. 624 langile eta 2.697 boluntario dauzkate.

"Irabazi asmoak lehentasun izan baino, pertsonak, ingurumena eta gizartea kontuan hartzen dituen sarea da errotzen ari dena", esan du June San Millan REASeko kideak. 2018tik egiten dute erakunde horiek kontu-ikuskaritza soziala eta aurten 41 entitaterena ezagutarazi dute. "Sarean egiten dute lan, kontsumo arduratsua bultzatzen dute, finantza etikoekin aritzen dira eta kalitatea bultzatzen dute", azaldu du San Millanek. Zerbitzuak eta produktuak dituzte aukeran. Eraikuntzatik hasi, elikagai ekologikoetatik pasa eta energia berriztagarrienetara iritsi arte. Denetik. 

"Gardentasuna ere bada berain beste bertuteetako bat. Entitate bakoitzak alor ekonomikoan izan dituen sartu-irtenak eta egin dituen bestelako ekintzen berri ematen du", adierazi du. Errotzen ari den sektorea dela uste du San Millanek eta gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dena.  REASen parte diren entitateen artetik 41ek egin dute aurtengo kontu-ikuskaritza sozialaren lana eta guztiei eman diete gaur bereizgarri bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!