Txibitek egonkortasuna eta hazkunde ekonomikoa nabarmenduko ditu

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko aza. 14a, 07:16

Maria Txibite lehendakaria parlamentuko tribunan, artxiboko irudi batean.

Nafarroaren egoeraren inguruko eztabaida eginen dute gaur foru parlamentuan

Maria Txibite lehendakariak 2025eko Nafarroako Gobernuaren zein Iruñeko Udalaren aurrekontuen onarpena jada loturik edukitzeak ematen duen lasaitasunarekin eginen du eztabaida horren hasierako hitzaldia.

Horretan, exekutiboaren egonkortasuna, hazkunde ekonomikoa eta inbertsio sozialak nabarmenduko ditu, Felix Taberna lehendakariordeak atzo aurreratu zuenez: “Gobernu hau egonkorra da, eta segurtasuna eta konfiantza ematen du. Datu makro adierazgarriak ditugu, ekonomiaren hazkundea areagotu da, eta enpleguan ere oso datu onak dauzkagu”.

Txibiteren gobernuak aurrera ateratzen dituen seigarren aurrekontuak dira. Aurretik Barkosenak beste laurekin gauza bera egin zuen. Hartara, hamar aurrekontu dira jada, UPNren esku hartzerik gabe.

Hori ez ezik, hitzartzean foru lehendakaria, besteak beste, ariko da Osasunbideko itxaron zerrendez, Hezkuntza sistema publikoan hartu beharreko neurriez eta Foru Hobekuntzaren Erreformaz. Hizkuntza politikan ez da berririk espero.

Txibitek bederatzi eta erdietan hasiko du bere hitzaldia. Jarraian, ordu erdiko atsedenaldia izanen da, eta horren ondoren oposizioko taldeak ariko dira, handitik txikira. Beraz, hurrenez hurren, UPN, EH Bildu, PP eta, lehendabizikoz, VOX.

Azkenik, gobernuko kide diren talde parlamentarioen txanda iritsiko da: PSN, Geroa Bai eta Zurekin. Talde parlamentario bakoitzeko eledunak ordu erdi bat izanen du. Txibitek denei erantzunen die, eta taldeek hamar minutuko erreplika egin ahal izanen dute. Erresoluzio proposamenak bihar eztabaidatu eta bozkatuko dituzte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!