CCOO kexu, Mahai Orokorreko negoziazioan adostutakoak EH Bilduren oniritzia izan behar duelako

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 13a, 13:10

David Marcalain, Chechu Rodríguez, Vito Astráin eta Unai Álava.

Comisiones Obreras sindikatua kritiko azaldu da gaur Nafarroako Gobernua hartzen ari den jarrerarekin negoziazio mahaietan. Izan ere, langileen ordezkariekin adostutakoa baldintzatua dago EH Bilduk gero izanen duen borondatearerekin, azaldu dutenez. Onartezina da hori CCOOrentzat.

Comisiones Obreras sindikatua kexu agertu da Nafarroako Gobernua hartzen ari den jarrerarekin negoziazio mahaietan. EH Bilduren "azken hitzaren menpe" daudela iruditzen zaio sindikatuari Mahai Orokorrean Administrazioko Langileen Estatutuen gaineko negoziaketa adibidez. "Onartezina" iruditzen zaio sindikatuei gaitasuna kentzen dielako: "Mahaietan adosten dena baldintzatua dago langileen ordezkari ez den EH Bildurengandik", salatu du CCOOko David Markalainek.

"Osasun sistema pribatizatzera daraman gobernua" izanen dela gaineratu du Comisiones Obreras sindikatuko Victoria Astrain osasun arloko ordezkariak. "Osasun Legeak jasotzen duenaren arabera, osasun arretak ez du zertan ziurtatua egon funtzionarioa den lan-taldearen bitartez, eta horrek prekarizazioari ateak zabaltzen dizkio", salatu du Astrainek. Lan baldintzak erregulaziotik kanpo geratuko direla ere kritikatu du. Osasun Legeak gainera finantzazio-kudeaketarako autonomia izanen duen entitate publikoa sortzeko aukera jasotzen du egungo Erakunde Autonomoa ordezkatuko lukeena: "Osasuna pribatizatzera eta azpikontratatzera darama horrek", jakinarazi du. Gainera, gizarteko sektorerik zaurgarrienak kaltetuko lituzketela uste dute sindikatuan. 

Bi greba egun, eta ezerezean 

Hezkuntzari dagokionez, noraezean ikusten dute departamentua: "Proiektu pilotuak egiten ari dira inolako kontrol eta aurreikuspenik gabe, haur eskoletako langileei ez diete lan baldintzak hobetuko dizkien proposamenik egiten eta gainerako irakasleen bi greba egunen ondotik ere oraindik ez da gai izan zazpi sindikatuek eskatzen dizkietenak eskaintzeko", azaldu du Unai Alaba CCOOko hezkuntza alorreko kideak. Atzo batzartu ziren hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariak eta kontseilariari igorriko dioten proposamenak jasoko dituen dokumentua prestatzen ari direla azaldu dute.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari eskatu diote ongizatea ziurtatuko duen politikak egiteko, Osasun Legearen xedapen gehigarria erretiratzeko, negoziazio mahaian hartzen diren akordioak errespetatzeko eta lan baldintzak zein zerbitzuaren kalitatea errespetatuz zerbitzu publikoak indartzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!