PAI programako 350 irakasle plazaren legezkotasuna ikertuko du Auzitegi Gorenak

Bidane Beloki Ezker 2024ko aza. 12a, 08:43

Nafarroako Gobernuak 2022an atera zituen plazak. Steilas sindikatuak jarri du errekurtsoa eta zalantzan jarri du ingeleseko C1 mailako hizkuntza-eskakizuna ezartzea hizkuntza irakasteko ez diren plazetan. Honi esker egonkortutako bitarteko irakasleen lanpostuak ere ikertzeko galdegin du sindikatuak.

PAI Ingelesezko Ikaskuntza Programako 350 irakasle plazaren legezkotasuna salatu du Steilas Hezkuntza sindikatuak. Foru Gobernuak plaza horiek sortzeko eta egonkortzeko eskumenik ba ote zuen aztertuko du Auzitegi Gorenak sindikatuak jarritako errekurtsoari esker.

2022an Nafarroak bere eskumenak gainditu zituela dio sindikatuak, enplegua egonkortzeko prozesu batean PAIko ingeleseko C1 mailako hizkuntza-eskakizuna zuten irakasle plazak sortu zituenean.

Steilasek ere zalantzan jarri du Nafarroako Gobernuak irakaskuntzako funtzio publikoa betetzen duten langileak hauta ditzakeen LOE Hezkuntza Lege Organikoan araututako irakasleen kidegoetako kide izan gabe. Izan ere, kidego horiek ez dute C1 maila aitortu behar ez bada hizkuntza bera irakasteko.

Era berean, 2022an PSNk Navarra Sumaren aldeko botoekin onartutako PAI Legea Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela planteatu du sindikatuak. Horren bidez, 350 plaza horien egonkortzeari lege izaera eman zitzaion, eta PAI programako irakasleen %70 interinoak edo bitarteko irakasleak zirela argudiatu zuten horretarako.

Auzitegi Gorenak 2022an atzera bota zuen Steilasen inpugnazioa, eta orain aztertuko du Nafarroak benetan plaza horiek egonkortzeko eskumen horiek zituen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!