Osasuna

Kemena da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko aza. 11a, 07:25

Bryan Zaragoza, larunbateko norgehiagokako une batean. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak lau eta huts galdu zuen Real Madriden aurka, larunbat eguerdian Bernabeun jokatutako norgehiagokan. Porrot horren ondotik, gorritxoek bosgarren segitzen dute sailkapenean, Europako Liga jokatzeko postuetan eta Txapeldunen Ligatik hiru puntura.

Pedro Mari Zabalza parafraseatuz, kemenik gabe jokatzen dugularik oso txarrak gara. Aurkaria edozein dela, baina bereziki Real Madriden mailako bat bada.

Kemenaren inguruko datu bat: Aimar Orozek 13. minutuan egin zuen gorritxoen lehen falta. Kemenik ezak eragin zuen desorekari buruzko beste bi datu: Osasunak partida osoan ez zuen Luninen atera jaurti eta Real Madridek baloi jabetzaren %68 eduki zuen.

Lehen zatiaren azken txanpan iritsi ziren Real Madriden lehen bi golak. Biak ala biak Osasunaren akatsen ondorioz: Viniciusena gorritxoek zelai erdian baloia galdu ondoren iritsi zen. Bellinghamena, Sergio Herrerak eta Jon Moncayolak elkar gaizki ulertu eta gero.

Hortik aurrera, Osasunari norgehiagoka amaiezina egin zitzaion. Bigarren zati osoko erasoko lorpen bakarra, aldeko korner bat. Eta gola ekarri zuen, baina Osasunaren atean: Baloia Lunin atezainarentzat, balikada luzea eta Viniciusen bigarrena. Laugarrena ere eginen zuen brasildarrak, Boyomoren huts egite bati esker.

Bernabeun galtzea logikoa izan daiteke. Real Madrideko jokalariek Osasunakoek baino kemen handiagoz jokatzea, aldiz, ilogikoa ez ezik onartezina da. Izan ere, Gorka Urbizu parafraseatuz, kemena da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori.

Osasunako jokalariek azaroaren 24ra arte daukate horretan pentsatzeko denbora, selekzioen geldialdiaren ondoren, egun horretan jokatuko baitute Ligako hurrengo norgehiagoka, etxean, Villarrealen aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!