Zuberoako Ikastolek kanpaina berri bat jarri dute martxan, Iparraldeko eremu honetako ikastolentzat laguntza jasotzeko helburuarekin. Ikaskoli izenburupean, tokiko produktuez hornitutako saskiak jarri dituzte salgai egitasmoaren bitartez. Euskarak inolako onarpenik ez duen eremuan ezinbestekoa suertatzen da ikastolek betetzen duten papera, ekimenaren antolatzaileetako bat den Ekaitz Mazustaren aburuz: “Euskara apalaldian dago gure eremuan, batez ere gazteen artean. Euskararen biziraupena bermatzeko bide bakarra dira bertako ikastolak gaur egun”.
Hiru saskiren artean aukeratu daiteke, denak ala denak Ikaskoli.eus webgunearen bitartez eskatu daitezkeenak. Arbaila, Basaburua eta Pettara izenpean, produktu desberdinak aurkitu daitezke horietako bakoitzean, hori bai, ezaugarri komun batekin: denak ala denak tokiko produktuak dira, ikastoletako guraso eta guraso ohiek ekoiztutakoak. Azaroaren 24ra arte egin daitezke eskaerak eta abenduaren 13tik aurrera hasiko dira Zuberoako ikastoletako gurasoak banaketa lanak egiten.