Guardia Zibilak Nafarroako Gobernuaren Ikasnova plataforma lehiaketa batera erakartzeko erabili duela salatu du LABek

Bidane Beloki Ezker 2024ko aza. 7a, 09:06

“Ziurrenik, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean” izan dela kritikatu du sindikatuak. DBH 4. mailako ikasleak zibersegurtasunaren inguruko lehiaketa batera erakartzea zen egitasmoaren helburua. Nafar Gobernuari “dei garbi eta ozena” egin dio LABek “balio atzerakoiak” defenda ez ditzan. 

LAB sindikatuak berriki jakin du Guardia Zibilak  Nafarroako Gobernuaren Ikasnova hezkuntza plataforma digitala erabili duela jakinarazi du LABek. Plataforma DBHko 4. mailako ikasleak indar militarrak antolatutako zibersegurtasunaren inguruko lehiaketa batera erakartzeko erabili duela salatu du sindikatuak. Eta gaineratu du, “ziurrenik, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean” izan dela.

“Desegokia eta guztiz salagarria” da Guardia Zibilak ikasleen ikasketa prozesuan parte hartzea. Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen plataforma digitala da Ikasnova eta horren bitartez iritsi da Guardia Zibilaren egitasmoa Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko zein itunpeko guztietara.

DBH 4. mailako ikasleek jaso dute egitasmoaren berri eta lehiaketaren azken fasea, Aranjuezen, guardia zibilen akademian, jokatzen dela kritikatu du LABek. Irmoki gaitzetsi dute gertatutakoa eta hezkuntza komunitateari dei egiten diote halakoetan kolaboratu ez dezan.

LAB sindikatuaren iritziz, lekuz kanpo dago erabat Nafarroako ikastetxeek Hezkuntza Departamentutik jaso duten proposamen hau eta Carlos Gimenok zuzentzen duen sailari exijitzen dio berriz halakorik zabal ez dezan, ikasgeletan ez baitago Guardia Zibilaren batere beharrik.

Zuritzeko saiakera

Euskal Herrian Guardia Zibilaren jarduna eta presentzia “zuritzeko enegarren saiakera da lehiaketa hau” sindikatuaren aburuz. Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntza komunitateko ehunka kideren aurka egin izan dituen ekintzak ekarri ditu gogora LABek. Esaterako, “irakasleak bere joera politiko edo ideologikoen arabera bere garaian sortu zituen zerrenda beltzak” aipatu ditu sindikatuak.

Hezkuntza Departamentuari “dei garbi eta ozena” egin nahi dio LABek “balio atzerakoiak” defendatzen dituen eta “Nafarroako irakasle zein ikasleak erreprimitzen eta kriminalizatzen ibili den erakunde militar horren ekimenekin kolaboratu ez dezala”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!